Santa Agata Kalea

Herriko kalerik laburrenetako bat da, eta etxebizitza kopuru txikia du; baina ez da horregatik garrantzi gutxiagokoa. Kalearen lehenengo etxea udaletxearen ezkerraldean dagoena da; etxe hori gaindituta, ezkerrean Nafarroa Behereko plazara irekitzen da, eta eskuinean gelditzen dira hurrengo etxeak; kalearen azkena Santakarako markesaren jauregi-etxe ederra da, “Argamasilla Etxea” izenez ezagutzen dena.
Jauregia XVII. mendean eraiki zen, eta zabaltzen joan zen XVIII., XIX. eta XX. mendeetan egindako lanen ondorioz. Bere egituran nahasita daude zenbait estilo arkitektoniko, hala nola Errenazentista, Barrokoa eta Neo-errenazentista. Fatxadetan apaingarri ugari daude, erdi-puntuko arkuak, azuleju apaingarriak, dobelak eta armarriak.
Kalearen eskuinaldean, 1941.az geroztik, hostal-jatetxe batek hartzen ditu lehenengo bi etxeak, Agoizkoak zein herrira hurbiltzen diren bisitariak hartzen dituena. Establezimendu horren ondoren, San Migel Agoizko zaindariaren eliza dago.
Elizaren kronologia nagusia XVI. mendekoa da, eta XIV. Mendekoa, bigarren mailakoa. Erdi Aroko gotiko berantiarreko estiloa du. Arkitektura eta apaindura elementu ugari eta bikainak ditu, hala nola erdi-puntuko arkuak, gangak, zutabeak, korua, portada eta gezileihoak. Hurbiltzean, Erdi Aroko dorre bikaina ikusten da lehenik, hiru gezileiho, arrosa-leiho molduratu bat eta kanpai handiak dituena; horien hots dardaratiek metalaren indarra erakusten digute. Dorrearen behealdean, Santa Agedaren irudia dago horma-hobi batean.
Argazki zaharretan, plaza errepidearen maila berean dagoela ikusten da, bereizteko inolako elementurik gabe, eta baita gasolina-hornigailu bat. Gainera, zenbait pertsona ikusten dira lasai paseatzen, ibilgailuen joan-etorria txikia zenez, gaur egungo trafikoak eragiten duen arriskurik gabe.
| “Argamasilla Etxea” | “Argamasilla Etxea” | Eliza |




