Agoitzen harrizko kale bat dago
Proiektuaren izenburua Agoizko guztiek ezagutzen duten abesti zahar baten letraren hasieratik hartu da: “En Aoiz hay una calle, adoquinada, adoquinada…” (Agoitzen harrizko kale bat dago).
Agoizko alde zaharreko hamar kale aukeratu dira, HIDEAren iritziz, herria bisitatzen dutenen artean interes handiagoa piztu dezaketenak, hain zuzen ere. Horiek deskribatu dira, arreta berezia jarriz haien antzinatasunari, eraikinen elementu arkitektoniko adierazgarrienei eta mendeetan zehar izan duten garrantziari eta bilakaerari.
Kale edo plaza bakoitzetik XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako etxeak aukeratu dira, eta horien armarrien heraldikari buruzko zenbait datu aipatu dira, jatorrizko jabeei buruzko informazioarekin batera. Era berean, zenbait inskripzio jaso dira, kasu batzuetan etxea noiz eraiki zen adierazten dutenak eta beste batzuetan, berriz, apaintzeko sinbologia erlijiosoa edo garai hartako esaldiak dituztenak.
Etxe berezienak zerrendatzeaz gain, kale edo plaza bakoitzaren deskribapen labur bat egin da, haien elementu bereizgarriak azpimarratuta. Kaleen bilakaera ikusteko, argazki zaharrak eta berriak ere eskaintzen dira. Halaber, leku horiek Agoitzen bizi eta egunero kaleetan barna ibiltzen direnentzat izan duten eta izaten jarraitzen duten garrantziari buruzko iruzkinak gaineratu dira.