2016ko apirilak 8

AGOIZKO UDALEKO ADIERAZPEN PROPOSAMENA

ayuntamiento sin bandera

Agoizko Udaleko batzarrak errefuxiatuen inguruko ebazpena onartu du, bertan erabaki da Europako bandera udaletxeko balkoitik eta batzar aretotik kentzea, EBk errefuxiatuen eskubideen inguruan benetako konpromezu bat hartzen ez duen bitartean

AGOIZKO UDALEKO ADIERAZPEN PROPOSAMENA

Zioak:

Orain hilabete batzuk, bazirudien Europak erantzuteko gaitasuna izanen zuela Egeo itsasoko hondamendi humanitarioaren aurrean. Gutxiegi izan arren, mugitzen hasi zen. Plan bat egin zuen, pertsonen salerosketaren itzalarekin baina behintzat 120 mila pertsona birkokatzen zituena. Bost hilabeteren ostean, Europak jasotako pertsonak ez dira 300 lagunera iristen. Estatu espainiarraren kasuan, ustez etortzekoak ziren 15 mila pertsonetatik 18 besterik ez dira iritsi; bakarra ere ez Nafarrora, nahiz eta 300 hartzea aurreikusten zen.

Europako Estatuek erreakzioa izanen zutela zirudien, baina ez da halakorik gertatu. Erantzuten orain hasi dira, iragan astetik hasita, pertsona etorkinen kanporatze masiboak proposatuz, gehienak asiloa eskatzaile potentzialak izan arren. Kanporatzeak diruaren trukean, Turkia bezalako hirugarren herrialdeek dirua jasoko dutelako botatako errefuxiatuak jasotzearen alde. Aurreko neurriek pertsonen salerosketa iradokitzen bazuten oraingoan errealitate bihurtu dugu.

Neurria hauek hartzen dituena ez da benetako Europa, Europa ofizial baizik. Eta benetako Europa osatzen dugunok, elkartasunarena eta erresistentziarena, eskatzen dugu erakunde gisa gurekin bat egiteko. Benetako Europatik salatzen dugu, NBEk egin gisara, errefuxiatuen kanporaketa zuzena ahalbidetzen duen akordioa Europako araudiaren kontrakoa dela eta are larriago dena, nazioarteko giza eskubideen araudia bortxatzen duela. Izan ere kanporatze masiboak debekatuta dago Europako Giza Eskubideen Konbentzioan. Halaber, salatzen dugu Turkia herrialde seguru bezala ulertzea gezurra dela, Europar Batasunak egin bezala bertan ere errefuxiatuak kanpora ditzaketelako, eta hala gertatzen dela froga genezake Siriako errefuxiatuen kaleratzeei eta mugan erasotako siriarren kasuak erreparatuz gero.

Baina horiek zenbakiak besterik ez dira, letra larriz idatzitako bidegabekeriak. Bestelakoak dira hizki larriz sentitzen diren bidegabekeriak. Horiek Europa ofizialaren politikak pairatzen dituzten pertsona bakoitzaren sufrimenduarekin sentitzen ditugu.

Eta sufrimendua jada konpongaitza da, bai iragan urtean Mediterraneo itsasoan hil ziren hiru mila pertsonena eta baita aurtengo 300 pertsonena ere.

Berriki Lesbosera iritsi eta bertan blokeatuta geratu diren hiru mila pertsonena, Europako Batasunak Atenasera joateko ferryak kendu dituelako. Aurreikusten da Atenasen blokeatuta pilatuko direnak 70 mila pertsonatik gora izango direla, eta beste batzuk, autobusa ordaindu eta irtengo direnak baina Atenasetik kilometro batzuetara jaitsiaraziko dituztenak, arrazoirik eman gabe bazter batean abandonatzeko.

Poliziaren indarkeriak eta mugen militarizazioak eragiten duen sufrimenduaz ari gara, labanez jositako hesiez, ostikadez, jipoiez eta gas negar-eragileaz. Egun hauetan Idomenin, Grezia eta Mazedonia herrien arteko mugetan, gertatzen ari den indarkeriaz. Bertan gainera mugak itxiz ari dira, egunetik egunera iristen milaka pertsonetatik bakan batzuei ematen diete sarbidea. Ondorioz 1600 pertsonentzako irekitako kanpamenduan 15 mila pertsona baina gehiago pilatu dira, %30 haurrak. Urik eta janaririk gabe, oihalezko etxeetan, euripean eta hotzez dardarka. Zeru irekira begiratzen duen sagu-zulua dela diote bertaratutakoek.

Albiste eta sufrimendu guzti hauek dira egunkarietako azalik jaso ez dutenak, albistegietan urrezko minuturik izan ez dutenak. Hauek dira bertan borondatez lanean ari diren pertsonei esker benetako Europara iristen zaizkigun berriak. Laguntzeko eta informatzeko prest dauden boluntarioak. Bertan da besteak beste gure lagun David, egun Idomeni eremuan eta aurretik Lesbosen, eta bere “Urgentziazko Kronikak” jaso ditugu kontakizun honetan.

Bukatzeko, bertan diharduten pertsona horiei eskerrak emateko eta benetako Europan erresistentzian ari diren pertsona guztiendako, baita Estatu europarreko migrazio politika krudelak pairatzen dituzten pertsona guztiengatik ere, gogora ekarri nahi ditugu Davidek bidalitako azkeneko kronika bateko hitzak:

“Hemen animoak sutzen ari dira. Ez da gutxiagorako, egunetik egunera gogorragoa da egoera… Gaur goizean Alepoko siriarrei bakarrik ireki diete bidea. Nahi duten bezala ari dira kudeatzen muga. Arratsalderako egoera aldatu egin da: muga erabat itxi dute eta ez da inor igaro. Iragarri dute Balkanetako bidea bukatu dela. Grezia kartzela bihurtzera doa pertsona hauentzat.

 

Pertsona batzuk gose greban jarri dira mugak ireki arte. Protestan Merkelen kontrako oihuak bota dituzte baita mugak irekitzearen aldeko oihuak ere (“open the borders”). Esan digute Albaniako polizia eta armada mendian patruilatzen hasi direla badaezpada.

 

Une honetan euria ari du Idomenin. Negarrak bakarrik entzuten dira gau ilun honetan. Kanpin dendak urez blai daude eta jendea barrutik ura ateratzen dabil. Gau luzea eta hotza izango da mugan bilatu diren 15.000 pertsonentzat.”

 

Guzti honengatik, udal honek honako adierazpena aurkezten dio eta Europako Batzordeari, Europako Estatuei eta, bereziki, Estatu espainiarrari, EXIJITZEN DIE:

 

  • BEREHALAKOAN GIZA LAGUNTZA BIDALTZEA IDOMENIRA, Grezia eta Mazedoniako mugak itxi ostean bertan bilduta dauden pertsonen beharra asetzeko.
  • EUROPAKO BATASUNAREN BARNEKO MUGA GUZTIAK BEREHALA IREKITZEA, Idomeniko mugatik hasita, honen itxierak eragin duen krisi humanitarioa ikusirik.
  • Europara sartzeko BIDE SEGURUAK ezartzea, bertaratu nahi duten pertsona guztientzat eta bide seguruak erabiliz iritsi diren pertsonen kanporatzeekin bukatzea.
  • NAFARROARA LEKUALDAKETAK hastea, gutxienez, Europako kupoak ezarritako 300 pertsonena, Nafarroako Gobernuak jada onartuak dituenak.
  • ASILO ESKUBIDEARI DAGOKIONEZ NAZIOARTEKO ARAUDIA ERRESPETATZEA, irakurketa zabal eta eskuzabala eginez, eta ez oztopoak eta hausteak bultzatu egun Europako Estatuak egiten ari diren bezala.
  • MIGRAZIO POLITIKAK ALDATU, ATZERRITARREN LEGEA BERTAN BEHERA UTZIZ eta harreran, elkartasunean eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako politikak indartuz. Egungo zigor eta kanporaketei amaiera eman.
  • Pertsonek duten MUGITZEKO ASKATASUNA bermatu, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsaleko 13. artikuluan jasotzen den bezala.
  • Errefuxiatuei buruzko ezohiko goi bileraren baitan Europako Batasunak eta Turkiak egindako aurre akordioa errefusatu eta Europako erakunde eta eragileei gaitzespena eskatu.
  • Eta datorren Europako Kontseiluan errefuxiatuen nazioarteko eskubideak eta giza arreta bilduko dituzten irtenbideak bila ditzatela eskatu.

Agoitzen, 2016ko martxoaren 23an

Volver arriba