AGOIZKO HERRIARI
Pandemiaren ondorioz ekitaldi jendetsuak antolatzeko orduan aurten berriz ere planteatzen diren zailtasunak direla eta, eta Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak eman dituen irizpideak kontuan hartuta, Agoizko Udalak erabaki du abuztuaren 7tik 11ra bitartean ospatzeko ziren jaiak bertan behera uztea.
Erabakia hartzeko arrazoia izan da jende pilaketa saihestea, horrek kutsatze kopurua handitzea eragin baitezake, abuztuan oraindik ez direlako txertatuta pertsona guztiak, alegia, immunitate kolektiboa oraindik ez delako errealitate izanen.
Erabaki zail horren helburu nagusia da herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzea: birusak momentu honetan eragin txikia izan arren, horrelako gertaerek arrisku larriak ekar ditzakete.
Agoizko Udala eta herriko kultura- eta jai-erakundeetako hainbat ordezkari bat datoz, berriz ere, jaiak atzeratzea tristea bada ere, erabakirik koherenteena eta arduratsuena denarekin, herritar guztien osasuna eta segurtasuna babesteko.
Halaber, udalak animo eta indar mezu bat helarazi nahi die herritar guztiei, datozen hilabeteetan pandemiaren bilakaera ona izan eta, pixkanaka-pixkanaka, jai-ekitaldien programazioan normaltasunera itzuli ahal izanen dugulakoan.
Hala ere, aurrera egiteko eta aktibitatea berreskuratze aldera, uda honetarako kultura, kirol eta aisialdi ekitaldien programa bat osatu du Agoizko Udalak. Guztietan indarrean dauden arauak, onartutako edukierak eta segurtasuna neurriak aplikatuko dira.
Herriko kultur taldeekin batera, “Kaleko Kulturaren Koloreak” kartela diseinatu da, 24 jarduera biltzen dituena, horietako sei Euskararen Asterako programatuak (uztailaren 26tik abuztuaren 1era): scape room, kale antzerkia, jolasak, erakusketa… Gainerako kultur ekitaldi gehienak udako asteburuetan izanen dira, hots: “Zirku eskola handia”; dianak gaitari, txistulari eta trikitilarien eskutik; kalejira, erraldoien konpartsarekin; artisau jolasak; “Eko Txoko”, jolas eta hezkuntza parke berritzailea; zezensuzkoak; eta San Migel abesbatzaren, Mariano Garcia bandaren eta Puro Relajoren taldearen kontzertuak.
Kirol arloan, nabarmentzekoa da Kanpondoak ohiko Kostradaren Lasterketa antolatu duela (XXII. edizioa izanen da) abuztuaren 21erako. Horretaz gain, abuztuaren 15ean, igandea, “Kantxa 2021” Txapelketako bi partida jokatuko dira Toki eder pilotalekuan.
Udako eskaintza osatzeko, Agoizko Udalak jolas-parkeak jartzeko baimena eman du, uztailaren 22tik abuztuaren 3ra arte.
Programazio hau guztia zuen gustukoa izatea espero dugu. Eta, berriz ere, gizarte solidario eta errespetuzkoaren eredu izan gaitezen, hain gogoko ditugun jaiak modu tradizionalean gozatzeko garaia ailegatzen zaigun bitartean.
