Martxoaren 1eko OSOKO BILKURA ARRUNTEAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Agoizko Udalak 2017ko martxoaren 1ean egindako Osoko Bilkuran onetsi ditu 0-3 urtekoen haur eskolako gestioa berritzeko baldintza pleguak. Uda honetan bukatuko da Pinpilinpauxa enpresarekin orain duen kontratua. Deialdi berri honen arabera, aurrikusita dago kontratu berriak 6 urteko iraunaldia izatea, zerbitzua adjudikatzea lortzen duenarentzat. Aurki eskura jarriko dira baldintza pleguak, interesatutako edozeinek kontsulta dezan.
Halaber, datozen egunotan ezagutuko ditugu ludotekak kudeatzeko baldintzak eta edukiak. Aho batez onetsitako pleguan aurrikusita dago urte bateko adjudikazioa egitea, 2017ko ekainetik – 2018ko maiatzera, hain zuzen ere, baina epea luzagarria da 4 urte egin arte. Adjudikaziodunak honako zerbitzuak kudeatuko ditu: neguko ludoteka (euskaraz), udakoa (gaztelaniaz eta euskaraz) eta udalekuak (euskaraz). Berrikuntza moduan, herriko ludoteka guztiak elkarrekin kudeatuko dira, lehenengoz.
Horretaz gain, pasa den otsailaren 10ean enkantea egin eta erabaki da udalaren bazka-larreen erabilera adjudikatzea, datozen 8 urteetarako.
Beste gai batean ere gerturatutakoen adostasuna lortu da: Gizarteratzerako Errentaren jasotzaileak (RIIS) diren hiru langile kontratatuko dira. Bere zeregina udaleko zerbitzu anitzeko lan-taldean aritzea izanen da, Lanaldi osoko kontratua izanen dute.
Datorren martxoaren 8an ospatuko den nazioarteko Emakumearen eguna dela eta, udalbatzak agerpen bat onetsi du.
Azkenik, Agoizko Udalak euskararen aldeko atxikimendua adierazi nahi izan du berriz ere, eta datorren apirilaren 1ean eta 2an Agoitza hurbilduko den Korrikako kilometro bat erostea erabaki du.
