2021eko abenduak 20

Hurrengo jaiegunetako jardueretarako gomendioak

1155/2021 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez osasun arloko prebentzio gomendioak ematen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz.

Osasuneko kontseilariaren irailaren 30eko 35/2021 Foru Aginduaren bidez, bertan behera utzi ziren COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta hartu eta indarrean zeuden berariazko neurrien ondoriozko murrizketak.

Geroago, Osasuneko kontseilariaren azaroaren 24ko 60/2021 Foru Agindua onetsi zen, zeinaren bidez aparteko prebentzio neurri berariazkoak ezarri baitziren, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoa dela-eta; bertan prebentziorako osasun gomendio batzuk ezarri ziren, bai eta ziurtagiri bat aurkeztu beharraren neurria ere, 12 urteko eta hortik gorako pertsonak lokal eta establezimendu hauetara sartzeko: diskoteken lizentzia duten lokal eta establezimenduak, dantzalekuak, ikuskizunetarako kafetegiak, lizentzia berezia duten tabernak, 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxeak (unibertsitateetako jantokiak eta enpresako jantokiak izan ezik) eta 1.000 pertsonatik gorako edukiera izanik barneko guneetan egiten diren kultura arloko ekitaldi jendetsuak, jan-edanak eskaintzen direnean. Aipatutako agiriak, osasun zerbitzu publiko batek edo Osasun Departamentuak baimendutako zentro batek emandakoak, egiaztatu behar du haren titularrari eman zaiola COVID-19aren aurkako txertaketaren pauta osoa, baimendutako txertoren batean oinarritua (txertaketa ziurtagiria), titularrak COVID-19arekin lotutako proba diagnostiko negatibo bat duela, azken 72 orduetan egina RT-PCR proben kasuan eta azken 48 orduetan antigenoen testen kasuan (proba diagnostikoaren ziurtagiria), edo titularra COVID-19tik sendatu dela azken sei hilabeteetan, agintaritza eskudunak baliozkotu duen proba diagnostiko baten bidez lortutako emaitza positibo baten ondoren (sendatze ziurtagiria).

Orain, informazio epidemiologikoaren arabera, birusaren zirkulazio epidemikoa dago, intentsitate oso altukoa, maila ertaineko larritasunarekin eta goranzko joerarekin.

7 egunean metatutako intzidentzia 701 kasukoa da 100.000 biztanleko, eta 65 urtekoen eta hortik gorakoen artean, berriz, 245,4 kasukoa 100.000 biztanleko. Infekzio aktiboa diagnostikatzeko proben positibotasuna ehuneko 16,1ekoa da.

Aste honetan nabarmendu da 5 urtetik 14 urtera bitarteko adin taldean dagoen intzidentzia, 1.296 kasukoa baita 100.000 biztanleko; adin talde horretakoak dira kasuen % 21. Bestalde, 35etik 54 urtera bitarteko adin taldekoak dira kasuen % 37, eta intzidentzia, 7 egunean, 833 kasukoa da 100.000 biztanleko.

Ospitaleetako okupazioari dagokionez, ospitaleetan COVID-19a dela-eta okupatutako oheen ehunekoa 5,84koa da (maila ertaineko arriskua edo 2 mailakoa), eta COVID-19a dela-eta ZIUn okupatutakoena 17,8koa da (maila altuko arriskua edo 3. mailakoa).

Aurreko guztia ikusirik, Nafarroa alerta maila altuan edo 3. mailan dago orain. Analizatutako lagin ia guztiak delta aldaerarenak dira, salbu eta 2 lagin, oraindik sekuentziatu gabe daudenak eta omikron aldaerarenak izan litezkeenak.

70 urtekoen eta hortik gorakoen % 90ek eta 60 urtetik 69 urtera bitartekoen % 53k hartu dute oroitzapen dosia. Pertsona horiei oroitzapen dosia ematen jarraitzea garrantzitsua da, adinagatik eta, kasu askotan, beste gaitz batzuk izateagatik ospitaleratzeko arrisku handiagoa dutelako.

Aurreko guztia aintzat hartuta, bidezkoa da prebentzioaren eta osasun publikoaren arloko gomendio batzuk ematea, Nafarroan une honetan birusak duen transmisio komunitarioa minimizatzeko, gure osasun sistemaren egoera babesteko –presio handia jasaten ari delako, batez ere oinarrizko osasun laguntzan, osasun etxeetan, zainketa intentsiboetako unitateetan eta ospitaleratuen solairuetan, bai COVID-19aren eraginez bai COVID-19ari lotu gabeko behar eta eskaeren eraginez–, eta, esan gabe doa, ahalik eta gehien eusteko azken hilabeteotan gure gizartearen gehiengoaren ahaleginari esker lortu duen suspertze sozial, emozional eta ekonomikoari.

Beste alde batetik, agerikoa da Nafarroan bigarren olatua kontrolatzea lortzeko ezinbestekoa dela gure erkidegoko sektore eta eragile sozial eta ekonomiko guztien parte-hartzea, elkarlan aktiboa eta konplizitatea, eta bai halaber instituzioena ere. Horrez gain, gure apustua da arrazoiaren logika, ebidentzia zientifikoa, osasun publikoaren arloko ezagutza eta inteligentzia kolektiboa baliatzea da, horien bidez lortuko ditugulakoan lehen aipatutako helburu komunitarioak. Argi esan beharra dago, orobat, ezen epe labur batean ez bagara gai, gizarte gisa, infekzioaren eta kasu kopuruaren goranzko joerari buelta emateko, berriz ebaluatu beharko dela egoera eta osasun komunitarioa babesteko beharrezkoak diren neurriak hartu, betiere “ezinbesteko gutxienekoan” datzan estrategia aplikatuz.

Edonola ere, biziki gomendatzen dugu ebazpen honen eranskinean jasota dauden gomendioak betetzea eta betearaztea.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

EBAZTEN DUT:

1. Osasun arloko prebentzio gomendioak ematea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Gomendioak eranskinean jasota daude.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2021eko abenduaren 16an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

ERANSKINA

Hurrengo jaiegunetako jardueretarako gomendioak

1.–Gomendio orokorrak.

Babesik onena txertatzea da. Egiaztatu da kutsatzen diren txertatutako pertsonek sintoma arinagoak izaten dituztela, eta ospitaleratze eta heriotza kasuak murriztu egiten direla. Halere, kasu guztietan, prebentzio neurri orokorrei eutsi beharko zaie, hala nola:

–Maskara (maskara behar bezala erabiltzea ahalik eta denbora gehienean).

–Metroak (distantzia fisikoa gordetzea).

–Aireztapen ahalik eta handiena (leihoak eta ateak zabalik izatea segurua eta posible den neurrian, tenperatura kontuan hartuta, edo barruko airea berritu dadin erraztea, kanpoko airearekin aireztatu ahal izateko).

–Eskuak (eskuak maiz garbitzea).

–Kontaktuen kopurua ahalik eta txikiena.

–“Etxean gelditzen naiz sintomak, diagnostikoa edo kontaktua baldin badaude”.

1.1. Maskaren erabilera egokia (COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezarri zituen martxoaren 29ko 2/2021 Legea aldatu zuen ekainaren 24ko 13/2021 Errege Lege-dekretuarekin bat).

Gogorarazten da maskara erabiltzea nahitaezkoa dela erabilera publikoko barneko gune guztietan, salbu eta ostalaritzako establezimenduetan eta jatetxeetan jan-edanak hartzeko unean.

Era berean, gogorarazten da maskara erabiltzea nahitaezkoa dela kanpoko hiri-guneetan, oro har, salbu eta modu frogagarrian eta etengabe bermatzen ahal bada pertsonen arteko segurtasun distantzia, bai eta kasu eta egoera hauetan ere:

a) Arnasteko zailtasun egiaztagarriak dituzten pertsonak edo kontrako agindu fakultatiboa dutenak.

b) Desgaitasuna, mendekotasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, maskara kentzeko autonomiarik ez dutenak edo jokabidearen nahasmenak izateagatik maskara erabiltzerik ez dutenak.

c) Osasun jarraibideen arabera, haien izaeragatik maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jarduerak betetzean.

d) Hiriko, hiri inguruko edo ibai ondoko pasealekuetan.

e) Mugimendu gutxiko kale eta bideetan edo jende gutxi ibiltzen den orduetan.

Edonola ere, nahitaezkoa da maskara erabiltzea pertsonen dentsitate handiko eta kontaktu luzeko toki eta egoeretan, gutxieneko segurtasun distantziari eustea ezinezkoa denean:

–Kalean egiten diren elkartze kolektiboak, ekitaldiak, ikuskizunak eta jaialdiak.

–Azokak, merkatu txikiak eta jaiotzak.

–Itxoiteko ilarak.

–Tren eta autobus geltokien inguruetan eta bertako eremuetan, aireportuetan, ikastetxeetan ikasleak sartu eta ateratzeko uneetan, gurtza-lekuetan, kanpoko merkataritza-guneetan, autobusei itxoiteko markesinetan.

–Hirietan, saltoki ugariko kaleetan eta erdiguneetan, jende gehien biltzen den egun eta orduetan.

1.2. Barrualdeak aireztatzea.

Aireztatzeak esan nahi du airea berritzea, hau da, kutsaturik egon daitekeen airearen ordez kanpoko airea sartzea, horrek laguntzen baitu barruan birusaren partikulak pilatu ez daitezen. Hori garrantzitsua da barrualdeetan bilerak egiten direnean bizikide ez diren pertsonen artean. Barruko eremuetan bizikideak ez direnekin egon aurretik, bitartean eta ondoren, eremuaren aireztapen egokia egitea gomendatzen da. Ahal den guztietan aireztapen naturala eginen da, aretoa parez pareko ateak edo leihoak zabalduz edo, gutxienez, aretoko alde desberdinetan daudenak zabalduz.

Etxean leiho bat zabaltzea ere lagungarria izan daiteke. Leihoak ardatz aldagarrikoak badira, horrela irekita utzi.

Beste gune batzuetan, aireztapena behartua bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu behar da eta airearen birzirkulazioa saihestu. Informazio gehiago izateko, SARS-CoV-2aren aerosol bidezko transmisioa gutxitzeko gomendioak kontsultatzen ahal dira eta ahal den neurrian bete Osasun Ministerioaren indarreko gomendioak, eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemetan SARS-CoV-2aren hedapena saihesteko eragiketa eta mantentze-lanetarako emandakoak.

1.3. Eskuen higienea.

Gomendagarria da eskuak maiz garbitzea, urez eta xaboiez edo soluzio hidroalkoholikoak erabiliz.

1.4. COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsonak eta kasuen kontaktu estuak izan daitezkeenak.

COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasa hartzeko zailtasuna…) dituzten pertsonak berak bakartu behar dira eta osasun zentroarekin harremanetan jarri. Baieztatutako kasu baten kontaktu estua diren pertsonek osasun zerbitzuaren jarraibideak bete behar dituzte:

1.4.1. Txertatuta ez badaude, berrogeialdiari eutsi behar diote 10 egunera PCR negatiboa jaso arte.

1.4.2. Txertatuta badaude edo gaixotasuna duela gutxi izan badute (gaixotu zirenetik 6 hilabete baino gutxiago igaro badira), prebentzio neurri indartu hauei eutsi beharko diete 7 egunera PCRa negatiboa izan arte:

a) Maskara kirurgikoa erabiltzea beti.

b) Pertsona zaurgarriekin kontakturik ez izatea.

c) Ekitaldi sozialetara ez joatea.

Garrantzitsua da kontuan hartzea, kasu guztietan, COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzean norbera bakartu behar dela eta osasun etxearekin harremanetan jarri.

Kontuan hartu behar da, halaber, SARS-CoV-2a hartzeko edo transmititzeko arriskua, maila txikiagoan bada ere, oraindik ere badagoela, txertaketaren pauta osoa izanda ere. Horregatik, txertatuta egon arren, funtsezkoa da pertsona guztiek prebentzio jarraibideak betetzea beren burua babesteko eta gertukoak eta gainerako herritarrak babesteko.

Gomendioak eremu espezifikoetarako:

Horregatik guztiagatik, adierazitako prebentzio neurri orokorrez gain, gomendatzen da beste prebentzio neurri batzuk hartzea, besteak beste:

1.5. Eremu pribatuko elkartze sozialak eta familiakoak.

Gomendatzen da mugatzea partaideen kopurua elkartze sozialetan eta familiakoetan, bizikideen artekoak ez direnean, batez ere pertsona zaurgarriak daudenean. Gomendatzen da partaideen kopurua 10 izatea gehienez ere, eta 2 bizikidetza-taldetakoak gehienez.

Honako hauek ez lukete inolako bilkuratan parte hartu beharko, soziala nahiz familiakoa izan:

a) Katarro edo gripearen edozein sintoma dutenak eta emaitza negatiboa izan duen antigenoen autotest bat gutxienez egin dutenak.

b) COVID-19 diagnostikatua izan eta bakartze aldian daudenak (3 egun sintomarik gabe eta gutxienez 10 egun sintomak hasten direnetik edo proba diagnostikoaren emaitza positiboa denetik).

c) COVID-19aren proba diagnostikoaren emaitzen zain daudenak.

Mahai handi bat erabili, elkartzen diren pertsonen arteko distantzia handiagoa izan dadin.

Gogoratu elkartze sozialetan eta familiakoetan, bizikideak ez direnen artekoetan, garrantzitsua dela maskara modu egokian erabiltzea (sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz), jaten edo edaten denean izan ezik.

Bereziki gomendatzen da maskara behar bezala erabiltzea bazkalondo eta afalondoetan.

Gomendatzen da ahalik eta laburrenak izatea familiako elkartzeak.

Garrantzitsua da bilkura egiten den tokian aireztapen ona egotea. Ahal dela, jarduera kanpoan eginen da, eta ezin bada, barruan, aireztapenerako gomendioak betez betiere (ikusi 1.2 puntua).

1.6. Kanpoan egiten diren elkartze sozialak eta ekitaldiak.

Gomendatzen da kanpoan egiten jarraitzea, aire zabalean egiten diren jarduerak seguruenak direlako. Gogoratu elkartze sozialetan eta familiakoetan, bizikideak ez direnen artekoetan, garrantzitsua dela maskara modu egokian erabiltzea (sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz), jaten edo edaten denean izan ezik.

Bereziki gomendatzen da maskara behar bezala erabiltzea bazkalondo eta afalondoetan.

Gomendatzea ahalik eta laburrenak izatea familiako elkartzeak.

1.7. Jatetxeen, ostalaritzaren eta elkarte gastronomikoen arloko neurriak.

Gomendatzen da jatetxeen barrualdean 10 pertsona egotea gehienez mahai bakoitzean, eta 1,5 metroko gutxieneko distantzia mahai desberdinetako mahaikideen artean. Bermatuko da aireztapen egokia, naturala edo mekanikoa (ikusi gomendio orokorren 1.2 puntua), eta eraginkorra den ebaluatzen ahalko da CO2 neurgailuak erabiliz.

Gomendatzen da kontsumoa mahaian eserita egitea edo barran eserita ere, kasua zein den.

Gaueko aisialdiko lokaletan, gomendatzen da kontsumoa mahaietan edo mahaien inguruan egitea, mahai bakoitzean gehienez ere 10 pertsona elkartuz.

Gogoratu elkartze sozialetan eta familiakoetan, bizikideak ez direnen artekoetan, garrantzitsua dela maskara modu egokian erabiltzea (sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz), jaten edo edaten denean izan ezik.

Bereziki gomendatzen da maskara behar bezala erabiltzea bazkalondo eta afalondoetan.

Gogoratu 12 urtekoak eta hortik gorakoak 60 jankidetik gorako edukiera duten jatetxearen lizentzia duten lokal eta establezimenduetan sartzeko nahitaezkoa dela COVID pasaportea erakustea.

Gomendatzen da ikusteko moduko tokietan kartelak jartzea, argi identifikatzeko moduko neurrikoak, adierazi eta gogorarazteko maskara erabiltzea nahitaezkoa dela eta pertsonen arteko segurtasun distantziako neurriak bete behar direla.

1.8. Kultur eta kirol jardueretarako neurriak.

Kultur eta kirol jardueretan ez jatea gomendatzen da. Kontsumoak baimentzen badira, gomendatzen da erabiltzaileen arteko segurtasun distantzia mantentzea.

1.9. Eguberrietako ekitaldiak: azokak eta merkatu txikiak, jaiotzen erakusketak, Olentzeroren eta Erregeen desfileak eta antzekoak.

Jendetza biltzea saihestu behar da. Egun hauetako ekitaldiek transmisiorako arrisku handia duten egoerak ekartzen dituzte, jende asko bertaratzen delako, kontaktuen intentsitateagatik eta haiekin lotutako arriskuak apaltzeko zailtasunagatik.

Hori dela eta, azaroaren 24ko 60/2021 Foru Aginduaren laugarren puntuan jaso den bezala: “toki erakundeek eta operadore publiko eta pribatuek beharrezko antolaketa neurriak hartuko dituzte ekitaldiak eta ekitaldi sozialak egitean, jendetzak eta COVID-19aren ondoriozko kutsatzeak transmititzeko arrisku handiko egoerak saihesteko”.

Ospakizunetan udal agintaritzak ezin badu bermatu adierazitako neurri orokorrak beteko direla, gomendatzen da horiek bertan behera uztea edo aldi baterako atzeratzea. Interes bereziarekin zainduko dira jan-edanak hartzea barne dutenak, halakoetan errazagoa delako maskararik ez erabiltzea eta, beraz, birusa transmititzea.

Jendetza biltzen den jardueren kasuan, ikusle ugari bertaratu daitezkeela aurreikusten bada, antolatzaileek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena eskatzen ahalko dute.

Edonola ere, ondotik aletzen dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren jarraibideak hurrengo jaiegunetan ohikoak diren jarduera batzuk egiteko:

1.9.1. Eguberrietako azokak edo merkatu txikiak eta jaiotzen erakusketak.

Gomendatzen da postuak aurrealdetik bereizita egotea zirkulaziorako bide batekin, jendeak bertatik egin ditzan joan-etorriak, betiere bermatuz pertsonen arteko 1,5 metroko gutxieneko distantzia betetzea; bide horrek 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez.

Gomendatzen da elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratzea, independentzia gordetzeko, edo, halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egotea.

Jaiotzen erakusketen kasuan, gomendatzen da jaiotzak aurrealdetik bereizirik kokatzea, tartean bide bat utziz, 4,5 metrokoa gutxienez. Elkarren ondoko bi jaiotzaren artean elementu isolatzaileak paratzea gomendatzen da, haien arteko independentzia gordetzeko, edo, halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egotea gutxienez.

Saihestuko da pertsonen zirkulazioa postuen edo jaiotzen alboetatik. Erraztasunak emanen dira barrutian sartzeko eremu bat eta irteteko beste bat egon daitezen, argi bereizirik.

Gomendatzen da maskara erabiltzea barruti guztietan, bai barrualdekoetan bai aire zabalekoetan.

Jarduera horiek barrualdeetan egiten badira, gomendio orokorren 5. puntuan jasotako aireztapen gomendioak beteko dira.

1.9.2. Ferietako atrakzioak.

Gomendatzen da betetzea Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren Feria eremuetarako eta feria atrakzioetarako protokoloa eta jardunbide egokietarako gida izenekoan jasotako jardunbide egokiak.

Feria eremuan edo zenbait instalazio jartzen diren gune publikoetan, atrakzioen instalazioaren eremua zedarritzea gomendatzen da, eta xede horretarako mugatuko da, edukiera eta sarrerak kontrolatu ahal izateko.

Gomendatzen da sartu eta ateratzeko bide bereiziak ezartzea, pertsonen joan-etorriak behar bezala egitea bermatzeko eta jendetza biltzea saihesteko.

Komeni da atrakzio eta salmenta-postu bakoitzak kartelak izatea bezeroentzat ikusgai, erabilera arauen, edukieraren, sarrera-irteeren eta segurtasun distantziaren informazioarekin.

Gomendatzen da maskararen erabilera nahitaezkoa izatea barruti guztian.

Jatetxe zerbitzua badago, behar bezala zedarritutako eremu batean jarri beharko da, atrakzioen eremutik bereizita, eta zerbitzu hori emateko ezarritako baldintzak bete beharko dira.

1.9.3. Olentzero eta Erregeen desfileak eta antzekoak.

Horrelako ospakizunetan ikusle ugari biltzen dira, gehienetan eremu txiki samarretan, horietatik asko eta asko 12 urtetik beherako haurrak; adin talde hori, hain zuzen ere, txertatu gabe dago oraindik Nafarroan, eta 14 egunean 1.500 kasu baino gehiagoko intzidentzia du gure erkidegoan.

Horregatik, gomendioa da ekitaldi horiek, ahal dela, modu estatikoan gauzatzea edo sarbidea kontrolatzeko moduko tokietan, jendetza biltzea saihestuz eta beti bermatuz betetzen direla higiene arauak eta prebentzio neurriak, maskararen erabilera eta pertsonen arteko segurtasun distantzia.

a) Estatukoak.

Aire zabalean edo aireztapen handiko eremuetan eginen lirateke (ikusi gomendio orokorren 5. puntua), adibidez kiroldegietan, pilotalekuetan edo antzekoetan.

Gomendatzen da eremu horietan sarrera eta irteera independenteak izatea eta barruan ibilbideak seinaleztatzea, bisitariek elkar gurutzatzea eta jendetza biltzea saihesteko. Ahal den neurrian, ekitaldi horiek esleitutako eserlekuekin eginen dira.

Gomendatzen da debekatzea ekitaldian jatea eta edatea.

Barruti osoan nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

Bisitariei gomendatzen diren neurriei buruzko informazioa emanen zaie kartelak, megafonia etab. erabiliz.

Ez da gomendatzen gozokirik, litxarreriarik eta halakorik banatzea. Opari txikiak eman litezke eskura, betiere ezarritako higiene baldintzak gordeaz.

b) Kalez kale egiten direnak.

Olentzeroren eta erregeen desfileetan eta halakoetan egiten direnean, gomendatzen da partaideen kopurua izatea ekitaldia egiteko behar den gutxienekoa.

Partaide guztiek beteko dituzte gomendatutako segurtasun neurriak, hau da, pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia, maskararen erabilera, eskuen garbiketa. Ez da gomendatzen gozokirik, litxarreriarik eta halakorik banatzea.

Gomendatzen da ikusleentzako eremua handitzea jendetza bildu daitekeela aurreikusten bada. Era berean, gomendatzen da zirkulaziorako pasabideak ezartzea ibilbideetan, pertsonen joan-etorriak ordenatuak izan daitezen laguntzeko.

1.10. Erlijio ospakizunak.

Erlijio ekitaldiak egiteko, gomendatzen da prebentzio neurri hauek betetzea:

–Distantzia fisikoa.

–Sarrera-irteerak mailakatzea edo sarbide desberdinetan banatzea, jendetza biltzea saihesteko.

–Maskararen erabilera egokia (sudurra, ahoa eta kokotsa estaliz).

–Aireztapen egokia (ikusi gomendio orokorren 1.2 puntuan jasotako aireztapen gomendioak).

–Pertsonen arteko kontaktu fisikoa eta debozioko objektuena mugatzea (musu emateko objektuak kentzea).

Gomendatzen da arreta berezia izatea zeremonia buruekin eta koruekin, kantu gutxiagorekin, betiere maskara behar bezala erabiliz eta pertsonen arteko distantzia gordeaz. Ez dago baimenduta jatea eta edatea erlijio eta gurtza ospakizunetan eta ekitaldietan.

1.11. Haur eta gazteentzako denbora libreko jarduerak.

Haur eta gazteentzako denbora libreko jarduerak egiteko, hala nola udalekuak, ludotekak eta antzekoak, gomendatzen da aintzat hartzea neurri hauek haiek planifikatu eta antolatzean:

–Sarrera-irteerak mailakatzea edo sarbide desberdinetan banatzea, jendetza biltzea saihesteko.

–Taldeen kide kopurua, ordutegiak eta egin beharreko jarduerak planifikatzea, prebentzio neurriak bete ahal izan daitezen, esate baterako, pertsonen arteko distantzia fisikoa, eta, beharrezkoa izanez gero, txandak eginen dira programatutako jarduerak gauzatzeko.

–Bereziki, aerosolak sortzeko arrisku handiagoa duten jardueren kasuan, (kantatzea, batera hitz egitea, oihukatzea, etab.) aire zabalekoak lehenestea.

–Jarduerak barrualdeko guneetan egiten badira, aireztapen egokia izan beharko dute, gomendio orokorren 1.2 puntuan jasotzen den bezala.

1.12. “San Silvestre lasterketa”.

“San Silvestre” lasterketaren gisakoak planifikatu eta antolatzerakoan, gomendatzen da honakoak aintzat hartzea:

–Lasterkarien irteera planifikatzea, talde ez oso handitan eta mailakatuta egin dadin, taldeen artean gutxienez 5 minutuko tartea utziz.

–Parte-hartzaileek lehiaketa hasi aurretik maskara erabili beharko dute nahitaez, baita ikusleek ere.

–Lasterketaren zirkuituetarako sarrerak eta irteerak bereizirik egonen dira, parte-hartzaileek elkar gurutzatzea saihesteko.

–Sari-emateko ekitaldiak jendetza biltzea eta zuzeneko kontaktuak saihesteko neurriak hartuz diseinatzea.

–Era berean, gomendatzen da ikusleen joan-etorrietarako pasabideak jartzea lasterketaren ibilbidean.

Volver arriba