Literatur bidaia egiteko prest?

apirila 23, 2020

Literatur bidaia egiteko prest?

Ziur aski zure etxeko apaletan izanen dituzu irakurri gabe dituzun liburuak, edo bigarren aldiz irakurtzea merezi dutenak. Bestela, Interneten euskarazko liburu elektroniko eta irakurgai asko dituzu eskura. Artikulu honetan dituzu aukera batzuk.

Gozatu literatura bidaiarekin!

•    Booktegi.eus

“Guztion liburuak, guztiontzat” dio webgunearen lemak eta, horrela, guztion eskura jarri dituzte euskarazko liburu elektronikoak. Mota guztietako euskarazko liburuak aurkituko ditugu, dohainik deskargatzeko moduan: fikzioa, saiakera, drama, poesia, gazte literatura, kirola, klasikoak, itzulpenak, kontakizun beltzak … Dokumentuak zenbait formatutan deskargatu daitezke (EPUB, MOBI, PDF, ZIP).

Liburuak bakarrik ez, elkarrizketak, elkarrizkateak, ekitaldiak, saio bereziak eta audioak ere ikusi daitezke.

•    Armiarma

Armiarma proiektuak urteak daramatza euskal literatur lanak sarean zabaltzen. Zenbait liburu elektroniko ere jarri dituzte web orrian. Hasteko, euskal literaturako klasikoak aukeratu dituzte, baita literatura unibertsaletik euskarara ekarritako zenbait obra garrantzitsu ere. 370 liburu baino gehiago daude EPUB edo PDF formatuan deskargatzeko.

•    Nafarroako Liburutegien Sarea

Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareak liburu elektronikoak irakurtzeko aukera ematen du, eBiblio plataformaren bidez. Katalogoan dauden liburuak maileguan hartu daitezke formatu digitalean, gailu hauetako batean irakurtzeko: tableta, telefonoa, ordenagailua edo liburu elektronikoan. Euskal liburuak atalean sartuta, 115 liburu daude maileguan hartzeko.

Liburuak hartzeko beharrezkoa da Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko erabiltzaile-txartela eta horri lotutako helbide elektronikoa izatea. Txartelik ez baduzu, alerta egoera indarrean dagoen bitartean, aldi baterako balioa duen txartel birtuala eskatu daiteke e-mailez. Txartel birtualarekin Nafarroako liburutegiko aldizkariak eta filmak ere hartu daitezke.

•    Argitaletxeak

Koronabirusaren krisiaren eraginez, euskal argitaletxeek aldi baterako eten dituzte liburuen bidalketak. Baina haien webguneetan badira zenbait liburu elektroniko edo ebook. Lotura hauetan dituzue aukera batzuk:
Aberdania
Erein
Susa

•    Ikasbil-eko irakurgai mailakatuak

Euskara ikasten ari bazara, gakoa zure mailako irakurgaia aurkitzea da. HABEren Ikasbil webguneko Dokutekan erraz aurkituko duzu zure mailara egokitutako irakurgaia. Irakurgai mailakatuak atalean sartu, zure maila aukeratu (A1, A2, B1, B2, C1, C2), eta zuretako egokiak diren liburuen pasarteak eta artikuluak aurkituko dituzu. Zenbait liburutan kapitulu batzuk deskargatzeko aukera ere badago.


<< atzera