FORUZAINGOAK GOGORARAZI DU EZIN DELA BIGARREN EGOITZETARA JOAN ALARMA-EGOERAN

apirila 8, 2020

FORUZAINGOAK GOGORARAZI DU EZIN DELA BIGARREN EGOITZETARA JOAN ALARMA-EGOERAN
Polizia kontrolak areagotu dira Aste Santuari begira.

Foruzaingoko agenteek azken egunotan bigarren egoitzetara joateko saiakera ugari salatu dituzte, eta hori erabat debekatuta dago egungo alarma-egoeran. Horrelako jarrera dutenek 601 euroko isuna, gutxienez, izan dezakete.

Ildo horretan, gogorarazi nahi da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duenak, 7. artikuluan ezartzen duela pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatuta dagoela.

Artikulu horrek salbuespen batzuk aurreikusten ditu, besteak beste, premia biziko produktuak (hala nola botikak edo elikagaiak) erostea, osasun-zentroetara joatea, lantokira joatea, adinekoei, adingabeei edo mendekoei laguntzea, banku- edo aseguru-establezimenduetan sartzea eta ohiko bizilekura itzultzea. Gainera, beste kasu batzuk ere jasotzen dira, hala nola “ezinbesteko egoerak edo premia-egoerak”, edo “antzeko jarduerak”.

Aurreko kasuetan ez da sartzen bigarren egoitzetara joatea, aipatutako salbuespenetako batzuk gertatzen direnean edo bertan dauden animaliak elikatu edo baratzeko produktuak bildu behar direnean izan ezik.

Nolanahi ere, lekualdaketa horiek banaka egin behar dira ahalik eta denbora laburrenean, eta horretarako ezarritako polizia-kontroletan hori eska dezaketen agenteen aurrean justifikatu beharko dira.


<< atzera