Turismoa bultzatzeko Agoitzi buruzko liburuxka bat argitaratu da

apirila 15, 2019

Agoizko Udalak gure herriko marka indartu eta turismorako leku erakargarri bilakatu nahi du. Horretarako, turismo eskuorri berri bat argitaratu du, formatu bakar eta sinple batean gure herrira etortzen denak ikusi eta egin dezakeen guztia biltzen duena.

«Simplemente Agoitz-Sinpleki, Agoitz», euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako esku-orriak gure herriko gune historikoaren zein inguruetako lekuen deskribapen zehatza egiten du, zenbait ataletan antolatuta eta ilustratzeko argazkiak baliatuz. Horretaz gain, bi plano ditu, herri gunean zein inguruetan egin daitezkeen ibilbideak erakusteko.

«Historia luzea» izeneko atalean herriko jatorriari buruzko zertzelada batzuk ematen dira: herriaren sorrera, armarriarena eta agaramondar eta beaumondarren arteko bakearen sinatzea. Atal honetan ere El Irati S.A.-z eta Agoizko industrializazioaren jatorriaz mintzo da, eta enpresaren historia biltzen duen erakusketa udaletxean ikusgai egonen dela jakinarazten da.

«Artea eta Ondarea» izenekoak Agoizko hiru monumentu nagusi biltzen ditu: Agoizko San Migel eliza (erretaula eta bataiarria), Santacara (edo Argamasilla) markesaren jauregia eta Auzola edo Bidelepuko zubia.

Herriko gune historikoa eta haren eraikin zibilei, armarri eta bestelako elementoei buruzko informazioa jasota dago «Agoizko kaleetan barna» izenekoan.

«Natura Turismoa» atalean, berriz, bisitariari zenbait ibilbide egiteko gonbitea egiten zaio: Irati Ibaiaren Ibilbidea, Induriagako nekropolira eramaten duena, zuhaitz bereziak ezagutzeko ibilbidea, Iratiren Bide Berdea eta Pirinioetako Galtzada Erromatarra.

«Jaiak eta Tradizioak» izenekoa da esku-orriko beste atal bat. Bertan aipamen berezia dute Txokolate Jotak eta kostradak, eta urtean zehar herrian ospatzen direnen berri ematen da.

Esku-orriaren atzealdean herriaren inguruko ibilbideak erakusten dira bi planotan (1, 2). Horretaz gain, ikustera joateko zenbait leku interesgarri ematen dira. Galtzada erromatarrari eta Iratiren Bide Berdeari buruzko azalpen txiki bat eskaintzen da argitalpenaren atal horretan.

5.000 ale plazaratu dira, eta turismo bulegoetan eta beste leku interesgarrietan banatuko dira.


<< atzera